Gure ikastola

ADURTZA IKASTOLA

  • Ikastetxe euskaldun eta publikoa da. Gurasoekin elkarlanean ikasleen heziketa osatua du xede.
  • Euskal kultura irakatsi eta zabaltzeko dihardugu lanean. Euskara komunikazio-tresna gisa jorratzen dugu.
  • Ikasleengan giza-balioak txertatzen ditugu gaur egungo gizarte bizitzan partaide aktiboak izan daitezen.

Honako hauek dira gure nortasun ezaugarriak:

Akonfesionaltasuna. Ikastola guraso, irakasle zein ikasleen erlijio sinesmenetatik aparte gelditzen da.

Hezkidetza. Ikastolak haurren sexu desberdintasunez aitorpenetik abiatu eta diskriminaziorik gabeko berdintasunerako heziketaren alde lan egingo du. Hezkidetzak, neskak zein mutilak, norbera eta besteekiko errespeturantz gidatu behar gaitu, gizartean nork bere nortasuna askatasunez garatu ahal izateko.

Hizkuntza-trataera. Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial ditugun legez (Euskara eta Gaztelania) bien ezagupena eta erabilera lortu behar da. Ikastolan, guraso eta ikasle gehienak ama hizkuntzaz erdaldunak diren arren, giza harremanetan, irakaskuntzan eta eskolaz kanpoko ekintzetan euskara erabili eta bultzatuko du.

Ikasleekin eta irakaskuntza osoan, gaztelania eta ingelesa arloetan ezik, Euskara izango da komunikazio tresna. Irakasleen artean eta klaustroetan Euskaraz egingo da. Gurasoekin bai mintzatzeko, bai idazkiak bidaltzeko euskara zein erdara erabiliko da. Euskal erakundeekin bai ahoz bai idatziz Euskara erabiliko da.

Irakurketa eta idazketa. Euskararen irakaskuntza eta erabilera sendotzeko, irakurketa-idazketa prozesua Euskaraz egingo da. Gaztelaniarako pausua Lehen Hezkuntzako Lehenengo Zikloko amaieran izango da.

Aniztasuna eta baloreak. Ikasleen arteko aniztasuna talderako aberasgarria den balore gisa bultzatu behar dugu. Desberdintasuna aintzat hartuta, ikasleengan, bakoitzak bere egoera soziokulturala, pertsonala, ikaste prozesua eta erritmoa izango duela jakinik, gaitasun eta trebetasunak garatzen saiatuko gara. Emaitzak desberdinak izango direla onartuko dugu eta horiek konpentsatzea izango da gure betebeharra.

Honako balio hauek sustatzeko egiten dugu lan:

Afektibitatea. Umea bere osotasunean garatu behar dugula kontutan hartuta, ezin dugu arlo afektiboa ahaztu. Nahiz eta lan hau batez ere gurasoen ardura dela pentsatu, Ikastola ere zeregin hori betetzen saiatuko da.

Autoestimua. Autoestimu egokia izatea ezinbestekoa da, gure ustez, besteekiko harremanetan, ikasketetan, sormenean eta norbere erantzukizunean garapen egokia izateko.

Ikastolan heziketarako baldintza egokiak sortzen saiatuko gara (deskalifikazioak alde batera utzi, ikasleen iritziak, jarrerak eta dohainak baloratu ...) eta era berean eredu baliagarriak eskaintzen ahalegindu, nork bere berezitasunaz (aniztasunaz) jabetu eta irudi ona osatzen joan daitezen.

Autonomia. Ikastolan, ikasleen lan autonomoa eta ikasteko ohiturak bultzatuko ditugu, ikaslea bera izan dadin ezagupenaren eraikuntzan egile eta jabea. Irakasleok baldintza egokiak jartzen saiatuko gara, ikasleak ikaskuntza prozesuan hain garrantzitsuak dituen ikaskideekin batera ikas dezan.

Akatsak, errakuntzak izateak normaltzat hartuko dira, alde batetik, autonomiaren bilakaeran (garapenean) naturalak direlako eta bestetik umearen pentsamendua ezagutzen laguntzen digutelako.

errespetua. Balore bezala errespetua hiru arlo hauetan ulertzen du Ikastolak: Norberarekiko errespetua, Besteekiko errespetua, Inguruarekiko errespetua.

Askatasuna. Ikastolan askatasuna errespontsabilitatearekin lotzen dugu. Hau dela eta bi arlo hauetan landuko dugu askatasuna: berezko ekimena eta erabakiak hartzeko gaitasunak bultzatzen eta elkarbizitzarako komunean jarritako arautegiari jarraituz. Elkarbizitza demokratikorako funtsezko askatasun eta eskubideei errespetua. Aniztasun ideologikoa onartzen dugu inolako diskriminaziorik gabe.

Elkarrizketa. Ikastola elkarrizketa elkarbizitzan agertzen diren arazoen konponbiderako tresna baliagarriena delakoan dago.

Jarrera kritikoa. Aipatutako gizarte honetan parte hartze koherente eta aktibo bat ahalbideratzeko oinarrizkotzat jotzen dugu jarrera kritikoa.

Jarrera kritikoaz gertaerak aztertzeko, informazioa baloratzeko eta erabakiak autonomiaz hartzeko ahalmena ulertzen dugu.

Berdintasuna. Izatez denok berdinak gara. Hori dela eta, denok eskubide berdinak eduki behar ditugu ikastolako bizitzan parte hartzeko sexu, arraza, erlijioa edota gabezi edo berezitasun fisiko... arrazoiengatik, inolako diskriminaziorik gabe.

Elkartasuna. Elkartasunaz zailtasunak dituenaren alde jokatzea ulertzen dugu. Balore hau garatzeko ezinbestekoa da lehiakortasuna baztertzea eta elkarlana bultzatzea. Ume bakoitzak ikusi behar du bere burua talde baten partaide bezala.

Osasuna. Ikastolaren helbururik nagusia ikasleen hezkuntza integrala denez, ezin dugu osasuna alde batera utzi .

Hori dela eta, bai teorian bai praktikan, horri buruzko informazioa emango diegu bizitza era osasuntsuan bizi ahal izateko.

Jakin-mina. Ikastola prestakuntza lortzeko leku bakarra ez dela kontutan hartuz eta heziketa amaigabeko prozesu bat bezala kontsideratuz, Ikastolako helburuetariko bat ikasleengan jakin-mina (jakiteko nahia eta norberaren prestakuntza hobetzeko gogoa) sortaraztea izan behar duela uste dugu.

Sormena. Gure ikasketa prozesurako sormena ekarpen aberatsa dela uste dugu. Hau dela eta, bideratu eta landu behar dugu.

Lana. Lana tokatu zaigun gizartean parte hartzeko baliabide bezala ulertzen dugu. Beraz gure gizarteari ekarpen hori helarazteko ondo egindako lanari emango diogu garrantzia, bai forma bai edukietan ere.

Aisia. Aisiak gero eta garrantzi handiagoa izango duenez gure bizitzan, Ikastolatik baliabide anitz desberdinak eskaini behar dizkiegu gure ikasleei beren denbora librea nahi duten moduan bete ahal dezaten.