Historia

Ikastola

Gaur egun Gasteizen ezagunak diren zazpi ikastola -Arantzabela, Barrutia, Landazuri-Banbi, Ikasbidea, Odon de Apraiz, Toki Eder eta Adurtza- Arabako Foru aldundiaren ekimena izan ziren.

Hasierako bi urteetan, beranduago Banbi, Odon Apraizeko eta Adurtza izena hartuko zuten ikastoletako haurrak Armentiako Oblatas komentuan izan ziren elkarrekin.

85-86 ikasturtean, LHLaren ondorioz, Aldundiko Hezkuntza Zerbitzua Eusko Jaurlaritzara transferitu zuten. Oblatasen ikasten ari ziren umeak haien auzoetan zeuden ikastetxeetara joan ziren; Zaramagakoak Odon Apraizeko ikastetxe berrira, erdialdekoak Banbi ikastetxera eta Adurtza auzokoak Mirentxu-Gurutzmendi ikastetxera, eta bertan zeuden ikasle eta irakasleekin partekatu beharko zuten.

1985eko uztailean Adurtzako ikasleen gurasoek eskutitz bana jaso zuten. Eskutitz horretan bertako umeek garaiko OHOko 5. mailara arteko ikasketak egingo zituztela ziurtatzen zitzaien. Hasiera batean, 3 talde ziren, Haur Eskolako 3, 4 eta 5 urteko ikasleak eta hiru irakasle.

Kezka handia genuen, A eta B ereduetako ikasleak elkarturik zeudelako eta ikastetxe berean euskara menperatzen ez zuten irakasleak egoteak ez zuelako helburuak lortzen lagunduko.

Administrazioarekin negoziazioak etengabeak ziren. Delegatu aldaketa ugari gertatu ziren bitarte horretan, eta horrek egoera ezegonkorra areagotu egiten zuen.

Guk lehentasuna ematen genion elkarrekin jarraitzeari, hau da, eskolaurrea eta OHOa ikastetxe berean izateari. Momentu horretan, auzoan ez zegoen baldintza horiek betetzen zituen ikastetxerik. Horregatik erabaki zen Mirentxu-Gurutzmendin gelditzea, eta beharrezkoak ziren egokitzapenak egitea. Liburutegia, motrizitate-gela, bulegoa... aurrefabrikatuetan antolatu ziren. Argi azaldu genuen ez genuela inorekin arazorik izateko asmorik.

90-91 ikasturtean ikaslerik nagusienak 6. mailan zeuden eta behin-behineko egoeran jarraitzen genuen. Adurtza Ikastola eta Severo Otxoa eskolaren arteko fusiorako batzordea sortu zen eta hurrengo urtean negoziazioak hasi ziren. Helburua argia zen Gasteizko hegoaldean ikastetxe euskalduna sortzea.

Severo Otxoako A ereduko ikasleak San Ignacio ikastetxean integratu ziren eta B eredukoak Adurtza ikastolakoekin bat egin zuten. Adurtza Ikastolako ikasle guztiak, Haur Eskolakoak eta OHOkoak, Severo Otxoak ordura arte zuen eraikuntzara pasa ziren.

Ordura arte Ikastolan auzoko umeak eskolatzen ziren arren, 95-96 ikasturtean Arabako zenbait herritako umeek ere Adurtza Ikastolara etortzeko aukera izan zuten, Urizaharra, Trebiño, Manzanos, Beranturi, Okina, Otazu....

09-10 ikasturtean 2 urteko gelak sortu ziren eta Dantzari Plazan daude oraingoz, bertan lekurik ez dugulako.

Eta hauxe da gure ikastola txikiaren historia handia edo, hobeto esanda, gure ikastola handiaren historia txikia.